Lan-esparru batzuetan ezarritako helburuak lortzeko, askotan, ohiko konponbide informatikoak ez dira nahikoa. Gehienetan, horrelako egoeretan, erabiltzaileak ez du mahai gaineko ekipo bat eskuragarri, bertan kontsultak egin edo lanarekin zerikusia duten oharrak idazteko.
Adibidez, demagun Laguntza Teknikoko Zerbitzuko (LTZ) langile bat dela. Laneguna hastean, egunean egin beharreko bisitaldiak jakinarazten zaizkio egoitza nagusian, gehienetan paperean. Egunean zehar, agindutako bisitak egiten ditu, eta bakoitzean egindako konponketaren partea egiten du, berriz ere paperean. Egun bukaeran, enpresaren egoitza nagusira itzultzen da eta konponketa-parte guztiak entregatzen ditu, horiek enpresaren kudeaketa-sisteman sartzeko.
Teknologia berriei eta gailu mugikor programagarriei esker, prozesu hori guztia mekanizatu egin daiteke: etxez etxe doan teknikariak, konponketa-parteak denbora errealean sartu ditzake bere enpresako kudeaketa-sisteman, baita intzidentzia berriak jaso ere, hori guztia enpresaren egoitza nagusira itzuli beharrik gabe.
Teknologia berriei esker, aukera-sorta handiak irekitzen dira oso sektore lehiakorretan: besteak beste logistikan (kamioi-floten lokalizazioan, biltegiko espazioaren kudeaketan), salmentan (saltzaileen lokalizazioan, eskariak denbora errealean egitean) eta LTZan (langile teknikarien lokalizazioan, konponketa-parteak online egitean).